Konpromisoak betetzea eta adostutako akordioei eustea eskatu dio SATSE Euskadik Osakidetzari

16 urtarrila 2019

Sindikatuak aldarrikapenei jaramon egitea eta konponbideak bilatzeko gaitasuna eta borondatea izatea erreklamatu dio Euskal Osasun Zerbitzuari.

valoración
  • Currently 0 out of 5 Stars.
Haz tu comentario

Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendari izendatu ostean, SATSE Euskaditik ondorengoa gogorarazi nahi diogu: bilera baten zain gaudela Erakunde Publikoak negoziazioan emango dituen pausoak ezagutzeko. Mahai Sektorialaren azken bilera azaroan izan zen eta oraindik badaude konpontzear dauden gai ugari.

Zentzu horretan, Enpleguaren Kalitatea Hobetzeko Hitzarmenaren sinatzaileetako bat garela ohartarazi nahi dugu. Akordio horrek EPE deialdi bi aurreikusten ditu indarrean dagoen legegintzaldirako. Hautaprobek penalizaziorik gabeko erantzun anitzeko galdetegia dute. Gainera, 2016-2017 EPEn parte hartu dutenek eta 2018-2019ko deialdira aurkezten direnek aukera izango dute prozesu bietako oposaketa faseetan ateratzen duten notarik altuena gordetzeko. EPE prozesuaren inguruan adostutakoa errespetatzeaz gain, hitzarmenean jasotako beste gaiak errespetatzea exijitzen diogu Osakidetzari.

Era berean, aldi baterako kontratazioaren akordio berri baterako testua prestatu behar da eta lekualdatze lehiaketa ireki eta iraunkorra adostu. Gai horien inguruan negoziatu diren atalak errespetatzea eskatzen diogu Osakidetzari.

Bestalde, 2019n gaude dagoeneko eta hamar urtez iraungita jarraitzen duen lan-baldintzen akordioarekin jarraitzen dugu. Hortaz, azken urteetako murrizketek erizain eta fisioterapeutengan eragin duen erosahalmenaren galera kontuan har dezala eskatzen diogu Zuzendaritza berriari.

Lanbide-karrerari dagokionez, premiazkoa da Osakidetzak 2011ko mailak behingoz ordaintzea, langileei eragindako zorra bere gain hartuz. Gainera, deialdi berriak berehala egin ditzala erreklamatzen dugu.

Halaber, langileen baimenak hobetzera bideratutako negoziazioa oso aurreratuta dagoela gogorarazi nahi diogu Osakidetzako Zuzendaritzari. Zentzu horretan, ezinbestekoa da negoziazio hori sustatzea, hobekuntzak ezartzen hasteko.

Azkenik, 2019an ondorengo gaiak konpondu behar direla helarazi nahi diogu Euskal Osasun Zerbitzuari: Emergentziak zerbitzuko gatazka; erizainek eta fisioterapeutek A1 taldeko lanpostuetara sartzeko pairatzen duten diskriminazioarekin amaitzea; eta Lehen Mailako Arretan erizain kupoa, dispertsio geografikoa eta espezialitateak ezartzea.

Laburbilduz, Osakidetzari ondorengoak exijitzen dizkiogu: agindutakoa betetzea, adostutako akordioei eustea eta aldarrikapenei jaramon egitea, konponbideak bilatzeko gaitasuna eta borondatea erakutsiz.

Añade tus comentarios

Debes estar identificado para subir comentarios

Comentarios (0)

No hay ningún comentario