Osakidetzako langileak berriz hasi dira lanbide karreraren aldeko mobilizazioekin

17 urtarrila 2019

SATSE, CCOO eta UGT sindikatuak Bilboko Osasun Lurralde Ordezkaritzan elkarretaratu dira, Osakidetzaren Zuzendaritza berriari lanbide-karreraren mailak behingoz ordaintzea exijitzeko.

SATSE, CCOO eta UGT sindikatuak mobilizazioekin hasi dira berriz, Osakidetzako Zuzendaritza Berriak 2011ko lanbide-karrerako mailak ordaindu eta 2012tik langileei eragindako zorra bere gain har dezala exijitzeko. Zentzu horretan, gaur, erakunde publikoko langileak ordu erdiz elkarretaratu dira Bilbon, Osasun eta Kontsumoko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean.

Karrera mailen eta atzerapenen ordainketan Osakidetzaren berandutzeak haserrea piztu du eta, 2018ko abenduaren 17az geroztik, ezinegonak gora egin du. Izan ere, egun horretan azkenik argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetzaren 2011ko lanbide-karreraren mailak, epaiek agindutakoa betez.

“Osakidetzak zazpi urte daramatza 7000 profesionalen Garapen Profesionala bete gabe”. Sindikatuek epaiak betetzea exijitu diote Osakidetzari eta “justiziara gehiago ez jotzeko, Euskal Osasungintza Publikoaren benetako arazoei eta langileei Osasun arloko Mahai Sektorialean konponbideak emanez”.

Zazpi urteko protesten ondoren, Osakidetzako Zuzendaritzak bere konpromiso eta eginbeharrak bete gabe jarraitzen duela salatu dute sindikatuek: “Euskal Osasun Zerbitzuak ordaindu gabe jarraitzen du eta prozesua judizializatu nahian dabil, mailak argitaratzera eta ordaintzera zigortzen dioten epai guztiei helegitea aurkeztu baitie”.

Sindikatuentzat onartezina da lanbide garapenari buruzko deialdi berriak ez jorratzea Osasungintzako Mahai Sektorialaren bileretan. “Estatuan soilik lau autonomia erkidego daude lanbide karrera berriz aktibatu ez dutenak. Euskadi horietako bat da eta penagarria iruditzen zaigu, gai horretan aitzindaria izan garela kontuan hartuta”, kritikatu dute sindikatuek.

Horregatik, sindikatuek lanbide-karreraren deialdi berriak egitea eta garapen profesionalaren eredu berri bat negoziatzea eskatu diote Osakidetzari.

Osakidetzak lanbide-karrerarekin eta langileengan eragindako ondorioekin izan duen kudeaketa “gehiegikeri hutsa” izan dela salatu dute sindikatuek. “Horregatik, mobilizazioekin jarraituko dugu eta horietan parte hartzeko deia luzatzen diegu langileei, 2011ko lanbide-karreraren ordainketa, zorraren aitorpena eta deialdi berriak lortu arte”, adierazi dute sindikatuek.

Galería multimedia