SATSE Euskadik Osakidetzako lanbide-karrerari buruzko epaiaren behin-behineko betearazpena irabazi du

21 Abendua 2017

Euskal Osasun Zerbitzuak eskatzaileek lortutako maila argitaratu behar du hiru hilabeteko epean

Vitoria-Gasteizko 1. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren abenduaren 18ko 2017/243 autoak hiru hilabeteko epean eskatzaileen maila profesionala argitaratzera derrigortu du Osakidetza. “Autoak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartu du, 2012ko garapen profesionaleko deialdian parte hartu zuten langileen eskubidea aitortuz”, adierazi du sindikatuak.

Epaitegiek erantzun positiboa eman diote erakunde sindikalaren ikuspegiari, auzitegi berak urrian emandako epaiaren behin-behineko betearazpena eskatuz. “Prozesua ez amaitzeagatik eta lanbide-karreran eskuratutako maila ez argitaratzeagatik Osakidetzak bere profesionalekiko mantendu duen egoera diskriminatzailea behingoz bukatuko da”, azaldu du SATSE Euskadik.

Aitorpen horrek, gainera, lanbide-karreraren hurrengo mailarako sarbidea ahalbidetuko du, betiere deialdia egiten denean eta lanbide-karrera arautzen duen Dekretuak hurrengo mailara pasatzeko ezarritako baldintzak betetzen direla.

Bestalde, profesional horiek eskuratutako maila aitortzen da gainontzeko autonomia erkidegoetarako, Estatuko beste osasun-zerbitzuetarako mugikortasunen kasuetan.

Sindikatuaren aholkularitza juridikoak bere asetasuna adierazi du epai horren aurrean eta maila profesionalen aitorpenetik eratorritako eragin ekonomikoak negoziatzeko mekanismoak martxan jar daitezela eskatu du. “Izan ere, onartezina iruditzen zaigu ordainketen etendura krisialdi ekonomikoari egotzi izana, are gehiago Jaurlaritzak berak krisialdia gainditutzat jotzen duenean”, kritikatu du Euskadiko Erizaintza Sindikatuak. Era berean, SATSE Euskadik bere langileen maila profesionala aitortzeko prozedurak berriro martxan jartzea eskatu dio Osakidetzari.