SATSE Euskadik XII. Asanblada Autonomikoa egin du

13 Abendua 2018

Osakidetzako lan-baldintzen akordioa berritzea eta enpleguaren hobekuntzarako hitzarmena arrakastaz bukatzea izan dira eztabaidatutako gai batzuk.

Abenduaren 11n eta 12an SATSE Euskadiren XII. Asanblada Autonomikoa egin da Durangon (Bizkaia). Jose Antonio de Leniz Idazkari Nagusia berriz hautatu dute Erizaintza Sindikatuaren Euskadiko arduradun nagusi. Ekitaldian izan dira ere Manuel Cascos SATSEko presidentea eta Victor Aznar Erizaintzaren Garapenerako Fundazioko (FUDEN) presidentea.

Autonomiako arduradunak erronka garrantzitsuak hartu ditu hurrengo agintaldirako, hala nola Osakidetzako lan-baldintzen akordioa berritzea (2009. urteaz geroztik iraungita) edota enpleguaren hobekuntzarako hitzarmena arrakastaz bukatzea. “Era berean, Osakidetzako Emergentziak zerbitzuaren gatazka gainditzeko akordioa lortzea espero dugu eta 2011ko lanbide-karreraren deialdia modu egokian konpontzea”, adierazi du SATSE Euskadiko Idazkari Nagusiak.

Lehen mailako arretaren esparruari dagokionez, erizainentzat eskumen berriak eta lanpostu gehiago eskatzen jarraituko du sindikatuak. Gainerako esparruetan, SATSEren helburu nagusia lana duintzea izango da eta osasungintza pribatuko zein adinekoen egoitzetan lanean ari diren erizainen eta fisioterapeuten baldintzak hobetzea. “Horretarako, hauteskundeetako emaitzak hobetu nahi ditugu, eremu horietan dugun ordezkaritza handitzeko asmoz”, azpimarratu du Jose Antonio de Lenizek. Lan-osasunari eta segurtasunari dagokienez, ondorengo erronkak izango ditu sindikatuak: langileen zahartzeari aurre egiteko neurriak ezartzea; erasoak saihesteko ekintzak ezartzea; eta medikamentu arriskutsuen erabileraren aurreko  babesa erreklamatzea.

Konpromisoak indartuz

Bi egunetan zehar, EAEko 18.000 erizain eta fisioterapeuta baino gehiagoren gaurko egoera eta lanbidearen etorkizuna ere jorratu dituzte. Era berean, SATSEk berdintasunarekiko eta afiliatuenganako komunikazioarekiko dauzkan konpromisoak berretsi ditu asanbladan.

Galería multimedia