Osakidetzak uda honetan ia 1.000 ohe itxiko dituela salatu du SATSEk

01 Uztaila 2019

"Udako murrizketen” ondorioz herritarrek oheen, zerbitzuen eta erizain zein profesionalen murrizketa pairatuko dutela kritikatu du Erizaintza Sindikatuak.

Osakidetzak, aurrezteko eginahalari jarraituz, aurtengo udan ia 1.000 ohe itxiko dituela salatu du  Euskadiko Erizaintza Sindikatuak. Itxiera horrek eragin negatiboa izango du herritarren segurtasunean eta osasunean.

Neurri horren aurrean Osakidetzak eman duen argudioa “jendea oporretan dagoela” da eta SATSEk “aitzakia hutsa” dela kritikatu du. “Arreta txarragoa izango da. Oheak eta zerbitzuak ixteaz gain, erizainak eta fisioterapeutak ez dira modu egokian ordezkatuko”, azaldu du SATSEk. Sindikatuak salatu duenez, osasun zerbitzuek “oraindik ez dute ulertu pertsonek ez dutela erabakitzen noiz gaixotzen diren eta udako sasoian, beste edozein momentutan bezala, segurtasunez eta kalitatez artatuak izan behar dira”.

Zentzu horretan, itxarote-zerrendak murriztu ordez, handitu egingo dira aurtengo udan. Izan ere, kanpoko kontsulta, froga diagnostiko eta larriak ez diren ebakuntza ugari geldiaraziko dira. “Oheak ixten ez dituztela eta arreta eskaintza egokitzen dutela esaten jarraitzen dutenean, iraintzen gaituzte. Herritarrei eskaintzen zaien arretaren kontura aurreztu nahi dute, besterik ez”, azpimarratu du SATSEk.

Larrialdietako zerbitzuetako pazienteen masifikazioa da oheen itxierak dakarren beste ondorio negatibo bat. Bestetik, paziente asko ez dira euren patologiari dagokion unitatean artatzen, jasotako arreta okertuz.

Oporretan profesionalak modu egokian ordezkatzen ez direnez, erizainek eta fisioterapeutek udako murrizketak ere pairatzen dituztela nabarmendu du SATSEk. Ondorioz, profesional horiek gainkarga handiagoa pairatzen dute sasoi horretan.

Sindikatuak autonomia erkidego guztietako osasun zerbitzuetan jasotako datuen arabera, uda honetan Estatu osoan, gutxienez, 12.700 ohe itxiko dira. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan ia 1.000 ohe itxiko dira. Herrialdeei begira, Bizkaiak pairatuko du itxiera kopuru nagusiena eta uda honetan 530 ohe baino gehiago itxiko dira. Gipuzkoako ospitaleetan 220 ohe baino gehiago itxiko dira eta Araban ia 150 ohe gutxiago izango dituzte.

Galería multimedia