Pazientearen Segurtasunerako Legeak babes zabala jaso du EAEn

19 Ekaina 2019

Sinadura bilketa abiatu dute EAEko hiriburuetan SATSEk sustatzen duen araua onartu dezaten.

Bilbon, 2019ko ekainaren 19an.- SATSE Erizaintza Sindikatua kalera atera da, berriro ere, Pazientearen Segurtasunerako Legea aurrera ateratzeko beharrezkoak diren 500.000 sinadurak biltzen jarraitzeko asmoz. Lege honi esker, erizain kopuru egoki baten bidez, osasun arretaren segurtasuna bermatuko da.

Sindikatua Herri Ekimen Legegile baten bitartez ari da sustatzen arau hori, datozen hilabeteetan Espainiako Diputatuen Kongresuan eztabaidatu eta onartu dezaten. “Bilketaren azken txanpan, oso pozik gaudela esan dezakegu eta behar ditugun 500.000 sinadurak lortuko ditugula uste dugu”.

Helburu hori lortzeko, gaur mahaiak eta informazio puntuak jarri dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Oraingoan ere, herritarrek zein profesionalek babesa adierazi dute euren sinaduraren bidez. “Legea zertarako izango den azaltzean, jendeak sinatu egin nahi izaten du. Gehienak bat datoz SATSErekin, ospitaleratzen dituztenean edo osasun zentroan artatzean, erizain falta dagoela nabaritu dute”.

Iritzi hori, berriki sindikatuak Estatu mailan egindako inkestan islatzen da, izan ere, 10 herritarretik 9k (%92) osasun arretan segurtasuna legez bermatzea ezinbestekoa dela uste dute.

Europako batezbestekotik urrun

Europako herrialdeetako batezbestekotik urrun daude EAEko datuak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 7 erizain daude 1.000 biztanleko, Europan, berriz, 8,8. Euskal osasun publikoari dagokionez, ratioak behera egiten du, 1.000 biztanleko 4,8 profesional baino ez daude. Beraz, 3.500 erizain baino gehiago behar dira EAEn Europako batezbestekora iristeko.

Egoera horren ondorioz, erizain batek batez beste 18 paziente artatzen ditu ospitalean.Ratio seguruaren arabera, kopurua ez litzateke zortzi baino gehiago izan behar.

Merezi dugun Osasungintza

Sinadura bilketa berria “Merezi dugun Osasungintza. Erizain ratioen legea” informazio eta sentsibilizazio kanpainaren baitan kokatu dute. Orain arte, SATSEk hainbat ekintza egin ditu eta kultura, kirola zein komunikazio munduko jendearen babesa jaso du, baita nazioarteko erizainen eta pazienteen erakundeena ere.

Zazpi hilabete baino gehiago igaro dira sindikatuak sinadura bilketa hasi zuenetik eta SATSE pozik agertu da profesionalek eta gizarteak emandako babesarekin.

Galería multimedia