Aitatasun baimena zortzi astekoa izango da 2019an
Espainiako Gobernuak aukera berdintasunen inguruko dekretua onartu du, amatasun eta aitatasun baimenak parekatze aldera. Hala, aitatasun baimena zortzi astera arte luzatuko da 2019an eta hamasei astera arte 2021ean.
Baimen hori 2019ko martxoaren 5an jarriko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean. Hortik aurrera, aitatasun baimena egungo bost asteetatik zortzi astera arte luzatuko da 2019an.
Zortzi aste horietatik, sei derrigorrezkoak izango dira (egun amatasun baimenarekin gertatzen den bezala) eta bi borondatezkoak. Amatasun baimenak berdin jarraituko du: sei aste derrigorrezkoak izango dira, hamar borondatezko eta amak lau aste eman ahalko dizkio aitari (egun, hamar).
Aitatasun baimenez gain, Espainiako Gobernuak gardentasuna ezarriko du enpresetako soldata-tauletan, emakumeek soldata arrakalaren berri izan dezaten eta “lan berberari, ordainsari berbera” kontzeptua sartuko dute.
Hori dela-eta, hemendik aurrera soldata-taula horiek argitaratu beharko dira eta ordezkaritza sindikalaren bidez kontsultatu ahalko dira. Taula horiek argitaratzea derrigorrezkoa izango da 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan.