Hemeroteca

2018ko Erizaintzaren Nazioarteko Eguna. Iritzi artikulua

Eskerrik asko, polit hori!

Egunero, eta bereziki, maiatzaren 12an, Erizaintzaren Nazioarteko Egunean, inoiz baino ozenago, gizarte osoari esaten diogu benetan zelakoak garen eta gure lana zertan datzan.

Eskerrik asko, polit hori!... edozein erizainek behin eta berriro entzuten duen esaldi honek ederto islatzen du gure lanbideak gizartean duen irudia.

Alde batetik, eurengatik egiten ari gara lana aitortzen dute, baina, era berean, gutxietsi egiten dute, ez baitute ikusten modu autonomoan lan egiten dugun profesionalak garela. Horren ordez, beste batzuen agindupean, beti laguntzeko prest, eskaerei erantzuten dieten emakumeak garela uste dute.

Arazoa, berez, ez da erizainari esaldi hori esan dion pertsonarena soilik, izan ere, gizartean errotuta dago gure lanbidearen inguruko irudi bat, estereotipo atzerakoi eta sexistei lotutakoa.

Euskadiko 16.000 erizainek urteak daramatzagu irudi hori salatzen. Okerra eta bidegabea izateaz gain, ez baitigu osasungintzako profesional gisa garatzen uzten.

Egunero salatzen dugu hori, eta bereziki, maiatzaren 12an, Erizaintzaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, inoiz baino ozenago, gizarte osoari esaten diogu benetan zelakoak garen eta gure lana zertan datzan. Herritarrei, eta baita administrazio publikoei zein osasun enpresa pribatuei ere. Izan ere, horiek askotan ez baitute gure egitekoa behar bezala baloratzen.

Aurten, erizain izateagatik harro gaudela erakusteaz gain, SATSEtik klixe zaharkitu eta iraingarriak indartzen dituzten irudi, komentario eta jokabideetan jarri nahi dugu arreta. Horiek mindu egiten gaituztelako, bai pertsona gisa eta baita profesional gisa ere.

“Estereotipoak apurtu” da martxan jarri dugun kanpainaren leloa, eta espero dugu, gure lanbidearen onarpenean aurrerapauso bat izatea. Badakigu ez dela erraza “eskerrik asko, polit hori” horren atzean dagoen pertzepzio sozialari buelta ematea. Baina lortuko dugu, ziur gaude.

Zuri, orain hitz hauek irakurtzen ari zaren horri, eskatzen dizut kontuan har dezazun irudi eta komentario jakin batzuk ikusi eta entzuten ditugunean zelan sentitzen garen.

Administrazioak, enpresak, hedabideak, herritarrak… Guztion esku dago, gure lanak merezi duen aitortza jasotzeak. Ez gehiago, ezta gutxiago ere.

 

Jose Antonio de Leniz Aspiazu eta beste 77 erizain

Euskadiko Erizaintza Sindikatua

Mujer enfermera