Hemeroteca

Erizainen faltak egoera jasanezina eragin du Bizkaiko adinekoen egoitzetan

Arazoa Aspaldiko edo Miranda Fundazioa bezalako lurraldeko egoitza handienetara ere ailegatu da. Horietan, maiz, %30 eta %50 arteko erizain gutxiago dago.

Bizkaiko adinekoen egoitzek egoera “jasanezin” batera heldu dira uda honetan. Lan-baldintza txarrek, soldata txikiek eta giza baliabide zein materialen eskasiak egoera “kaotiko” bat eragin dutela salatu du Bizkaiko Erizaintza Sindikatuak.

“Tamalez, egiturazko arazo baten aurrean gaude, ez da aldizkako gertaera bat”, azaldu du SATSE Bizkaiak. Langileen eskasiak okerrera egin du uda garaian, langile finkoek oporrak hartzen dituzten hilabeteetan hain zuzen ere. Arazoa, berriz, urte osokoa dela adierazi du sindikatuak.

Sindikatuak adierazi duenez, profesionalen faltak gehiegizko lan kargak eragiten dizkie erizainei. “Langileek ahalegin guztiak egin dituzten arren, pertsonal eskasiak adinekoei ematen zaizkien zainketen eta arretaren kalitatea kaltetzen du”.

Arazo honen eraginak Aspaldiko edo Miranda Fundazioa bezalako lurraldeko egoitza handienetara ere ailegatu dira. “Horietan, maiz, %30 eta %50 arteko erizain gutxiago dago”, azaldu du SATSE Bizkaiak.

Egoeraren jatorria argi dago sindikatuarentzat: adineko egoitzen kolektiboan dauden lan-baldintza “penagarriak”. Arrazoi horri, uda garaian libre dauden profesionalak kontratatzea zailagoa dela gehitu behar zaio. “Lan-baldintza txarren eraginez, erizainek beste asistentzia esparruetara jotzen dute lan egiteko, sektore publikora bereziki”.

Berehalako neurriak

“Arazoa luzerako doa”, salatu du SATSE Bizkaiak. Horregatik, konponbide iraunkorra lortzera bideratuta dauden berehalako neurriak ezarri behar direla adierazi du sindikatuak. Neurri horiek asistentzia kalitate handia bermatu eta zainketak hobetu behar dituzte. “Patronalak segurtasun profesionala eta juridikoa eman behar dio erizainen jardunari. Zentzu horretan, giza-baliabide eta bitarteko ekonomiko zein material handiagoak behar dira. Horiek guztiak, eraginkortasun handiagoarekin kudeatu beharko dira”, azaldu du SATSE Bizkaiak.

residencia aspaldiko imagenes abril 2012 (3)