Hemeroteca
SATSE Euskadik genero-indarkeriaren kontrako prestakuntza ematen die erizaintza eta fisioterapiako profesionalei
05.03.18 | Euskadi
“Berdintasunaren aldeko astea” kanpainaren baitan, genero-indarkeriaren hautematean eta esku-hartzean osasun arloko profesionalen garrantzia azpimarratu nahi du SATSE Euskadik.
Emakumeen kontrako indarkeria arazo larria da. Egiturazko jatorria du, emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasun sozialari erantzuten baitio. Tamalez, bizi garen gizartean, emakumeek gizonek baino gutxiago balio dutelaren pentsamendu faltsua dago eta kontrolerako zein tratu txarretarako objektuak bailiran ikusten dira.
Berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzean eta genero-indarkeria desagerrarazteko borrokan bere ekarpena egiteko, SATSE Euskadik prestakuntza espezifikoa eskaintzen die erizain eta fisioterapeutei. Osasun arloan genero-indarkerian esku-hartzeko ikastaroaren bitartez, erizainek eta fisioterapeutek genero-indarkeriaren egoerak eta jatorriak hautemateko gaitasunak ikasten dituzte. Era berean, gizarte-gaitz honen kontra neurriak ezartzeko gai izango dira eta tratu txarren biktimak izan diren emakumeei arreta hobea eskaini ahal izango dizkiete prestakuntza horri esker.
Nuria Rivada SATSE Euskadiko berdintasun teknikariaren arabera, emakumeen kontrako genero-indarkeriaren esku-hartzean erizaintzak duen papera “ezinbestekoa” da. “Osasun arloko profesionalak dira eta emakumeenganako indarkeria osasun publikoko arazo bat da. Indarkeria horrek ondorio fisiko eta psikologiko larriak eragiten dizkie emakumeei. Horregatik, oso garrantzitsua da erizainek arazoa ondo ezagutzea”, azaldu du Nuria Rivadak.
Etorkizuneko erizainak eta fisioterapeutak ere funtsezkoak dira genero-indarkeriaren kontrako borrokan. Zentzu horretan, SATSEk osasun lanbide horietako ikasleak kontzientziatzeko kanpaina ezberdinak egin ditu. “Genero-indarkeriaren kontrako prestakuntza oso garrantzitsua da eta ebidentzia fisikoetatik haratago dago. Erizainok arreta berezia jarri behar diogu kontsultategia datozen emakumeen egoera emozionalari, genero-indarkeria pairatzen ari direlaren seinaleak antzeman baitaitezke”, nabarmendu du Cristina Crespok, Donostiako erizaintzako ikasleak.
Genero-indarkeriaren seinaleak agerian uzteko, SATSE Euskadik bi komiki argitaratu ditu (Seinaleak eta Seinaleak II). Komiki horiek oso erabilgarriak dira gazteriaren artean indarkeria matxista detektatu ahal izateko. “Komiki hauek tresna garrantzitsuak eta interesgarriak dira, gaur egungo gazteriari zuzenduta daudelako eta gazteek haien burua identifikaturik ikus dezakete bertan kontatzen diren egoerekin”, adierazi du Maitena Larrañagak, Lehen Mailako Arretako erizainak.
Genero-indarkeriaren kontrako gida
Emakundek genero-indarkeriaren kontrako baliabideak eta zerbitzuak biltzen dituen gida bat egin du. Indarkeria mota hori pairatzen duten emakumeek eskura dituzten zerbitzu publikoak ezagutzeko erabilgarria da eskuliburu hori. Gida esteka honetan kontsulta dezakezu.
Te puede interesar
01.07.20 | Euskadi
SATSE Euskadik lehendakarigaiak elkarrizketatu ditu
06.08.20 | Euskadi