Prentsa oharrak
Ikusgarritasuna
SATSE, ELA, LAB, CCOO ETA UGT Sindikatuek 5 greba egun deitu dituzte Osakidetzako kolektibo guztien lan baldintzen hobekuntza eskatzeko
10.09.26 | Euskadi
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 5 greba egun deitu dituzte Osakidetzan. Uztaila bukaeran, eta udazkenera begira, greba eta mobilizazio dinamika bat hasteko asmoa iragarri zuten, Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Mobilizazio egutegia adostu dute eta datorren urriaren 30ean greba deituko dute Osakidetza osoan. Abenduan, beste 4 greba egun deituko dituzte:
- Abenduaren 9an, Arabako plantillari deialdia egingo zaio.
- Abenduaren 10ean Bizkaiko plantillari.
- Abenduaren 11an, Gipuzkoako plantillari.
- Abenduaren 14ean, berriro deituko dute greba Osakidetza osoan.
Egutegiak lantokietako kontzentrazioak aurreikusten ditu ere.
Sindikatuek Osakidetzari eskatu diote benetako edukiak jorratu ditzala Mahai Sektorialean, eta proposamen zehatzak eta sakonekoak egin ditzala osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko.
Deialdia egin duten sindikatuek Osasun Sailari ohartarazi diote ez dutela simulazio hutsik sustatuko, hileroko bilerak deitze hutsak ez dakarrelako benetako negoziaziorik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu dituzte.
Sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak kontrako itxura eman nahi izan badu ere, gaur egun ez dago mahai gainean inolako proposamenik lan-baldintzen akordioa eguneratzeko eta langileen ordainsariak hobetzeko.
SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk eskatu dute, edozein bilera egin aurretik, proposamenak idatziz bidaltzeko behar besteko aurrerapenarekin, sindikatu bakoitzak behar bezala aztertu ahal izan izateko, ekarpenak eta negoziazio-gai berriak egin eta proposatzeko aukera edukitzeko.
Uztaila bukaeran SMErekin sinatutako akordioak bi gauza uzten ditu agerian: lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela; eta Eusko Jaurlaritzak ez duela kolektibo guztien egoera hobetzeko borondaterik. Horrek mobilizatzera eta gure eskubideak kalean exijitzera bultzatzen gaitu.
Deialdia egin duten sindikatuek uztailean azpimarratu zuten Osakidetzaren etorkizuna ezin dela eraiki erantzun partzialen bidez, ezta plantillaren zati bati soilik eragiten dioten akordioen bidez ere, kontutan hartuta gainera horiek ez dietela heltzen osasun publikoaren egiturazko arazoei. Gogoratu behar da SMErekin sinatutako Akordioak aparteko orduetan oinarritutako eredu batean sakontzen duela; sistema hori, 25 urtez indarrean egon ondoren, agortuta dago, eta, gainera, egungo egoeraren erantzuleetako bat da.
Sindikatuek aldarrikapen-plataforma bat adostu dute, honakoak dira puntu nagusiak:
- Hitzarmena berehala negoziatzea, 18 urte baino gehiago igaro ondoren osorik eguneratzeko, honako gai hauek barneratuz:
- Kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, soldata hobetuta, galdutako eros-ahalmena berreskuratzera bideratuta.
- Lanaldi arrunta murriztea, urteko ordu-kopurua eta/edo asteko 35 orduak hobetzeko unea da.
- Lizentzia eta baimenetan benetako aurrerapausoak ematea.
- Profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea eta irizpide bateratuak aplikatzea Osakidetzako ESIetan.
- Behin-behinean, SMErekin sinatutako akordioan jasotako neurriak langile guztiei zabaltzea beraien egoerarekin bateragarriak badira.
- Zerbitzuen araberako plantilla-beharren azterketa egitea, egiturazko defizitak identifikatu ahal izateko.
- Belaunaldi-errelebo eta talentua erakartzeko plana diseinatzea eta martxan jartzea.
- Autokontzertazioa eta aparteko orduak progresiboki murriztea eta ezabatzea.
- Sindikatu guztiekin Lehen Arretako eredu berriari ekitea.
- Adinari lotutako konpentsazio-neurriak barne hartzen dituen lan-ibilbidea ezartzea.
- Bateraezintasun-sistema kontrolatzeko eta gainbegiratzeko mekanismoak indartzea.
- Osasun publikoaren pribatizazioaren eta externalizazioaren aurkako neurriak.
- Lan osasuna: langileen lan-karga handiak eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta arintzeko neurriak.
- Euskalduntze-plana, herritarrek eta Osakidetzako langileek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dituzten eskubideak bermatuko dituena.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako neurri eraginkorrak eta aurrekontuan aurreikusitakoak.
Sindikatuek azpimarratu nahi dute ez dagoela kalitatezko zerbitzu publikorik lan-baldintza onik gabe. Horregatik, eta "NEGOZIAZIOA DEFENDATU ORAIN! Mejoras laborales = mejor sanidad pública" lelopean, mobilizatzeko deia egin diete langileei, behingoz kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko, horiek guztiak ezinbestekoak baitira Osakidetzak egunero funtziona dezan. Era berean, erabiltzaileak eta eragile sozialak mobilizazio horietara batzera gonbidatzen dituzte.
Azkenik, Osakidetzari eskatu diote negoziazio-prozesu bat ireki dezala, langile guztientzako konponbide errealak lortzeko eta herritarren osasun-arreta hobetzeko. Ohartarazi diote orain hasiko diren mobilizazioek lan-baldintzen benetako hobekuntza lortzeko beharrezko iraupena eta intentsitatea izango dutela. Konponbidea Jaurlaritzaren esku dago.