ALDARRIKAPENAK 

Lan-ibilbidea 

Aldarrikatzen dugu 

Arian-arian malgutzea lanaldia emateko araubidea, eta lanpostu bakoitzaren karga fisikoak eta eskakizunak leuntzea eta egokitzea, lan-bizitzaren aurrerapenaren arabera.

Gure Gizartearen osasunean eta Osasun Sistemaren funtzionamenduan protagonista diren erizaintzako profesionalen lana lan-baldintza zailetan garatzen da, osasun-jardueraren berezitasunetatik ez ezik, osasun-agintari eta -kudeatzaileek Erizaintzarekiko duten interes eta apatiatik ere eratorrita. 

Erizain gehien-gehienek txandak, guardiak, gaueko lana eta asteburuak egiten dituzte beren lan-bizitza luzean. Hori guztia, gainera, estres handiko lan-giroan, ez bakarrik mina, sufrimendua eta heriotza etengabe ukitzearen ondorioz, baita osasun-esparruaren konplexutasunaren ondorioz ere. 

Hori guztia larriagotu egiten dute osasun-zentroen masifikazioak, zaintza-eskariaren hazkundeak, teknologia berrietara etengabe egokitzeak eta gero eta zaharragoa eta mendekoagoa den biztanleriaren hazkundeak. Horren guztiaren ondorioz, profesionalen artean osasun-arazoak sortzen dira goiz eta lan-bizitza osoan zehar, eta are gehiago okertzen dira profesionalen asistentzia-egoerak. Horrek, eragin negatiboa du erizaintzako profesionalen alderdi pertsonaletan, zailtasun handiak baitituzte beren lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko. 

Proposatzen dugu 

Lan-bizitza osoan lan-baldintzak pixkanaka hobetzeko lan-ibilbidea 

Erizaintzarako "lan-ibilbide" bat antolatzeko beharra defendatzen dugu, erabiltzaileen eta profesionalen beharrak eta eskubideak bateragarri egiteko.

Ibilbide horrek pixkanaka malgutu beharko du erizainen lanaldiaren zerbitzu-araubidea, eta lanpostu bakoitzaren karga fisikoak eta eskakizunak leundu eta egokitu beharko ditu profesionalen egoerara, urteak eta esperientzia metatu ahala. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar gizarte-arloan, lan-osasunean eta osasun-zentroen antolamendu-esparruan hobetzeko beste neurri batzuk abian jarri behar direla.