Lana

Osasunaren arloko 10.000 profesionalek gure lan-baldintzak hobetuko dituen Estatutu Markoa eskatzen dugu

SATSE-FSESek, FSS-CCOOk, UGTk, CSIFek eta CIG-Saudek deituta, SATSE Euskadiren ordezkariak Madrilera joan gara Osasun Ministerioari exijitzeko ez dezala itxi "danbateko batez" kaltetzen gaituen Estatutu bidegabe baten negoziazioa

Atzo, SATSE Euskadiren ordezkariek, Osasun Sistema Nazionaleko 10.000 profesional baino gehiagorekin batera, manifestazioa egin genuen Madrilen, Osasun Ministerioaren aurrean, Estatutu Marko justu eta negoziatu bat eskatzeko. SATSE-FSESek, FSS-CCOOk, UGTk, CSIFek eta CIG-Saidek deitutako protestak Ministerioak lege-testu berriaren negoziazioa alde bakarretik ixteko hartutako erabakiari erantzuten dio, hiru urte baino gehiagoko negoziaketaren ondoren.

Euskadin, parte-hartzea argia eta irmoa izan da: "Madrilen erabakitzen denak markatuko ditu gure lan-baldintzak Osakidetzan. Ezin gara bazterrean geratu ".

Zergatik eragiten dio Euskadiri?

Osasun-eskumenak Autonomia Erkidegoari transferituta dauden arren, Estatutu Markoa Estatuan aplikatu beharreko oinarrizko legea da, eta funtsezko gaiak ezartzen ditu, hala nola lanaldia, baimenak, oporrak, lanbide-sailkapena edo langileen erretiro aurreraturako eskubidea. Gaur egun idatzita dagoen bezala onartzen bada, Euskadin negoziatzeko gaitasuna larriki mugatuko du, eta gure lan- eta lanbide-baldintzetan egin daitezkeen aurrerapenak geldiaraziko ditu.

"Testuak aspaldidanik daramagun prekarietatea betikotzen du. Ez du behar bezala onartzen erizainen eta fisioterapeuten kualifikazioa eta erantzukizuna, eta erretiro aurreratua edo partziala hartzeko aukera blokeatzen du ".

SATSE Euskaditik ohartarazten dugu Estatutu hau, beharrezko aldaketarik gabe onartuz gero, Euskadiko negoziazio-mahaiak eskutik lotuta utz ditzakeela, osasun-langileentzako edozein aurrerapen estruktural zailduz.

Lege osatugabea eta kaltegarria

Ministerioak aurrera jarraitu nahi du funtsezko alderdiak barne hartzen ez dituen lege batekin, hala nola:

• Benetako 35 orduko lanaldia autonomia-erkidego guztietan.

• Erretiro aurreratua eta partziala borondatez hartzeko eskubidea.

• Oinarrizko ordainsariak eguneratzea, kualifikazioaren arabera.

• Lanbide-sailkapen berria.

• Autonomia-erkidegoan benetako hobekuntzak ahalbidetuko dituen esparru bat garatzea.

Gainera, sindikatuok salatu nahi dugu Gobernuak adostasunik gabe onartu nahi duela Estatutua, ehunka mila osasun-profesional ordezkatzen ditugun erakunde sindikalen proposamenak alde batera utzita.

Hurrengo urratsak

Atzoko mobilizazioa ez da azkena izango. Sindikatuok presio-estrategia bateratua iragarri dugu Estatu osoan, eta horrek greba orokorra ekar lezake Osasun Sistema Nazionalean, langileen eskaerei erantzuten ez bazaie.

Bitartean, SATSE Euskaditik berriro diogu: "Orain da edo inoiz ez. Gure lan-baldintzen etorkizuna eta herritarrek jasotzen duten arretaren kalitatea ditugu jokoan. Ez dugu onartuko eskubideak murriztu eta bidegabekeriak betikotzen dituen Estatutu Markorik ".