Prentsa oharrak
Lana
SATSE Euskadik erizainen eta fisioterapeuten osasun mentala babesteko plan bat eskatu dio Osakidetzari
09.10.26 | Euskadi
Urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta, SATSEk milaka erizainek eta fisioterapeutak bizi duten errealitatean jarri nahi izan du arreta. Gainkargak eta presio konstanteak markatutako osasun-inguruneetan egiten dute lan eta lan-baldintza horiek, gehiegitan, eragin zuzena dute osasun mentalean.
Erizainen Sindikatuak salatu du arrisku psikosozialekiko etengabeko esposizioa egiturazko errealitate bihurtu dela osasun-sistemaren barruan. Lanaldi luzeak, txandakako lana, atsedenik eza, eskaera emozional handiak edo asistentzia-gainkarga dira profesionalen ongizate psikologikoari zuzenean eragiten dioten faktoreetako batzuk.
SATSEk ohartarazi duenez, zirkunstantzia horiek nekea, akidura emozionala eta burn out-a eragiteaz gain, erizain eta fisioterapeuta askok lanbidea uztea eragiten dute. Hala eta guztiz ere, kalitatezko osasun-arreta ematen jarraitzen dute langileek, beren konpromisoari eta erantzukizun profesionalari esker, eta beren osasunean eta familia- eta gizarte-bizitzan eragina duen kostu pertsonala beren gain hartzen dute.
Arrisku psikosozialak langileen osasun fisiko, mental eta sozialean eragin negatiboa izan dezaketen antolaketan eta lan-ingurunean dauden baldintzak dira. Arrisku-faktore nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lanaldiaren banaketa eta iraupena, lan-karga, lanpostuaren eskaera psikologikoak, erabakiak hartzeko autonomia falta, lanaren antolaketan parte-hartze eskasa edo errekonozimendu eta laguntza profesional nahikorik ez izatea.
Sindikatuak deitoratu egin du egoera horiek normalizatzea, inoiz ez bailukete lan-ingurune osasungarri baten parte izan behar.. "Ezin dugu onartu higadura emozionala eta psikologikoa osasun-sistemaren barruan saihestezina dela ulertzea", adierazi du SATSEk.
Era berean, SATSEk salatu du administrazioek ez dutela nahikoa erantzun arazo horren aurrean. Sindikatuaren ustez, ez da nahikoa arrisku psikosozialen ebaluazioak egitea, baldin eta ondoren ez bada neurri eraginkorrik ezartzen edo ez bada jarraipen egokirik egiten, lan-baldintzetan duten benetako eragina egiaztatzeko.
SATSEren ustez, profesional sanitarioen osasun mentala erakunde sanitarioen lehentasunen artean kokatu behar da. Horregatik, lantokietan dauden arrisku-faktoreak identifikatzea, prebenitzea eta zuzentzea ahalbidetuko duen jarduketa irmoa eskatzen du, ondorioak itzulezinak izan baino lehen.
Ildo horretan, sindikatuak Ekintza Plan espezifiko bat abian jartzeko eskatu du, Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztietan arrisku psikosozialen ebaluazio sistematikoa bermatuko duena. Plan horrek prebentzio- eta hobekuntza-neurri zehatzak, jarraipen-adierazleak eta ezarpen-, ebaluazio- eta berrikuspen-egutegi bat izan beharko lituzke, plana betetzen dela eta eraginkorra dela egiaztatzeko.
SATSEk ondorioztatu du erizainen eta fisioterapeuten osasun mentala babestea ez dela soilik lan-ongizatearen kontua, baizik eta ezinbesteko baldintza ere badela herritar guztientzako osasun-arreta segurua eta kalitatezkoa bermatzeko.
Erlazionatutako prentsa-oharrak
22.01.24 | Euskadi
Gernikako ZIU mugikorreko diziplina anitzeko taldean profesionalen falta
12.03.24 | Euskadi